Emakumearen erretratua operan beti izan da arazotsua (hainbat esparrutan bezalaxe). Salbuespenak salbuespen, pertsonaia femeninoak inuzente eta emagaldu binarismoaren parte dira. I Puritani operan aldiz, operaren topiko nagusietako bat eransten zaio: erotasuna.
Erotasun eszenak ohikoak dira operaren historian zehar; hala ere, bereziki modan jarri ziren XIX.mendean zehar. Erotasuna gai mamitsu bilakatu zen Europan: psikiatrikoak eraiki ziren eta familiek txangoak egiten zituzten eroak ikusteko. Erotasuna kuriositatea zen eta, beraz, manikomioetako emakumeak miretsi egiten ziren XIX.mendeko andre moldeetatik alde egitearren. Musikalki, bel cantoaren arrakastarekin bat egiten du garaiak. Honako estiloaren bereizgarri dira apainduraz beteriko melodiak, soinutik soinura tarterik utzi gabe eginak (legato), tesitura zorrotzetan eta zehaztasun handiarekin abestuak. Konpositoreek emakumeen erotasuna deskribatzeko estilo aproposa zela irizten zioten.
XIX.mende hasieran, mania eta melankolia bezalako kontzeptu psikiatrikoak sexualizatzen hasi zen: emakumeak melankolikoak eta gizonak maniakoak. Sexualizazio hauek, zoritxarrez oraindik ere diagnostiko askotan presente daudenak, beste tankeratako sexualizazio femeninoetan dute emaitza: histeria (grekoz hysterion: umetokia). Grekoen ustez, histeria emakumeen ugalketa-sistemak sorrarazten duen erotasun mota zen, sexu faltak edota haurdunaldiak eragiten zuelarik. Honenbestez, XIX.mendearen hasieran, gazte ezkogabeak eta alargunak histeriko bilakatzek aukera gehiago zutela uste zen. Gainera, emakume baten genero rolera doitzen ez zen edozein persona ere histeriarekin diagnostikagarria zen.
I Puritanira bueltatuz: Elvira pertsonaia XIX.mende hasierako emakume histerikoarekin bat datorrela uler dezakegu. Elvirak burua galdu du haren ezkongaia beste emakume batekin ikustean. Libretoak argi uzten digu emakume honen garbitasuna eta birjintasuna: sexu falta, alegia. Elvira ez da maitasunagaitik ero bilakatzen den emakumeetako bat; aldiz, zoro bilakatzen dute osatugabe sentitzen delako; bigarren zatian abesten duen bezalaxe: “kenduidazu bizitza edo nire maitasuna buelta iezadazu!”. Operan, emakume zoroa beti jotzen du heriotzera, haren zigor soziala delakoan. Ez dezaguz ahaztu, hori bai, eszenatokietan ikusten eta bizitzen ditugun emakume ero guztiak gizonezkoek idatzitako pertsonaiak direla, bai testuari, bai musikari dagokionez. Eta orain arte, ez dizuet kontatua aurretik jakina izan ez den ezer ez.
Jadanik emakume ero asko ikusi ditugu eszenan. Baina errealitatea zera da: sopranoek erotasuna melodia flotanteekin adierazten bazuten ere, eszenatik kanpoko emakumeek haren egoera psikiatrikoa paralisiaren, ixiltasunaren, itotze-sentsazioaren eta beste sintoma askoren bitartez egiten zuten, egungo esquizofrenia, antsietatea, depresioa eta min kronikoa definituko zutenak, alegia.
Zorotasuna diagnostikoetatik haratago ulertzeko aitzakia paregabea da Elvira pertsonaia. Ez dago krisian, ez da bortitza; aitzitik, haren erotasuna instrumentu sozial bezela ulertzen da, besterik ez. Haren pertsonaiak gizonezkoen pribilegioak baieztatzen ditu. Eta Elvirak bezalaxe, arte eta entretenimenduaren narratibetan, beste hainbat emakumek.
Elvirak paternalismo gutxiago eta komunikazio gehiago behar du. Ahots gehiago behar bu, baina batez ere, gehiago entzutea. Egungo gure osasun sistemak oraindik erakusten ditu ezintasun psikologikoak entzuten eta ulertzen ez zaizkien pazienteen kasuak, eta haren sexuari begira diagnostikatzen direnak ere. Bereiztasun bat sortzeko erotasuna diagnostikatzen denean, harenganako entzumena baztertu egiten dugu. Haien delirioak gure munduaz bestekoak dire uste dugu sarri; errealitatea beste bat da: munduarekiko edozein pertzeptziok jo dezake delirio izatera. Edonorena, edozein momentutan.
Comments